Volver

Zura eta eraikuntza, ongi moldatzen den bikotea


Ikertalde batek metodologia bat garatu du zurezko egituren ingurumen jasangarritasuna neurtzeko. IT 781-13 (UPV/EHU) taldeak hamar urte daramatza eraikuntzarako egiturak eta materialak ikertzen (hormigoia, altzairua eta zura). Azken ikerketaren arabera, zura material oso arina eta erresistentea da, eta gero eta gehiago erabiltzen da eraikuntzan, elementu berriztagarria baita eta energia gutxi kontsumitzen baitu fabrikazio prozesuan. Ikerketa horren arabera, zurezko egituren ingurumen jasangarritasuna ere hobe daiteke, material horri eta haren erabilerari zenbait irizpide aplikatuz gero.

 

UPV/EHUko IT 781-13 ikertaldeko kide Mikel Zubizarretak zurak eraikuntza lanetan dituen abantailak azpimarratu ditu: “Egituretan erabiltzen diren beste material batzuk baino erresistentzia txikiagoa eduki arren, isolatzaile hobea da, hau da, energia eraginkortasun handiagoa du eta dentsitate txikiagoa; hortaz, egituraren pisua txikiagoa da. Bestalde, zura material berriztagarria da (zuhaitzak landatu eta hazi egiten dira eta basoak CO2-aren hustulekuak dira), eta Euskadin asko dugu (azaleraren % 55 inguru basoak dira)”.

 

Halere, zura hormigoia eta altzairua baino askoz ere gutxiago erabiltzen da eraikuntzan. Zubizarretaren arabera, honako arrazoi honi zor zaio: “Jendeak zurezko etxe batean bizitzeko errezeloa du: material organiko bat da, ez da hormigoia edo altzairua bezain gogorra, su har dezake…”. Ikertzailearen arabera, mesfidantza horren arrazoia kulturala da, hein handian: “Gaur egun, tratamendu ezin hobeak daude zuraren jasangarritasuna hobetzeko; suaren aurkako jokamoldeari dagokionez, CTE-M arauak ezartzen du nola diseinatu behar den egitura. Europako iparraldean (Alemania, Eskandinavia…), adibidez, zura asko erabiltzen da etxebizitzak eraikitzeko, klima gurea baino askoz ere gogorragoa izan arren”.

 

Hala eta guztiz ere, IT 781-13 taldeko ikertzaileak uste sendoa du gero eta gehiago erabiliko dela zura etxebizitzak eraikitzeko: “Nire ustez, zuraren erabilera handitu egingo da hainbat arrazoirengatik; besteak beste, Eusko Jaurlaritza haren erabilera sustatzen ari delako, Euskadik baso azalera handia baitu. Hori bai: basoa zaindu egin behar da, behar bezala kudeatu behar da, basoberritu egin behar da… Hartara, enplegua eta aberastasuna sortuko lirateke, eta zurak balio erantsi handiagoa izango luke”. Jasangarritasuna ez da soilik ingurumen kontu bat. Etxebizitza bat zurezkoa izateak “ez du automatikoki beste batzuk baino jasangarriago bihurtzen”, adierazi du Zubizarretak. “Ingurumenaren ikuspuntutik, bai, zura hormigoia eta altzairua baino jasangarriagoa da.

 

Jasangarritasuna, ordea, beste faktore batzuen mende dago (gizarte erantzukizuna eta garapen ekonomikoa, kasurako) eta zuraren kudeaketan den-denak izan behar ditugu kontuan. Etxebizitza bat eraikitzeko zura Australiatik ekartzen bada, adibidez, zur horren garraioak nabarmen handituko ditu CO2 isuriak, eta, bestalde, hemen ez da aberastasunik eta enplegurik sortuko. Horrenbestez, ezin da esan zurez eraikitako etxe hori hormigoi edo altzairuz eraikitakoa baino jasangarriagoa denik”. IT 781-13 taldeak, hain zuzen ere, zurezko egituren ingurumen jasangarritasuna neurtzeko tresna bat garatu du, MIVES ikerketa metodologiaren irizpideen arabera. Metodologia hori erabili da kasu honetan egitura horien Ingurumen Jasangarritasunaren Indize bat sortzeko, hainbat irizpide eta adierazle kontuan hartuta. Adierazle bakoitzak pisu erlatibo bat du; jarraian, balio funtzio bat izendatzen zaio, eta azkenik, 0-1 arteko indize bat eskuratzen da.

 

IT 781-13 taldeak, zurezko egiturak baino lehen, Hormigoizko Egituren Ingurumen Ekarpenen Indizea (2008) eta Altzairuzko Egituren Indizea (2011) ikertu zituen. Informazio osagarria. Ikerketa egin duen taldeak “IT781-13. Sostenibilidad integral en sistemas de edificación y sus materiales” du izena, eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko irakasleek eta ikertzaileek osatzen dute. Ikerketan honako hauek parte hartu dute: Jesús Cuadrado, Ingeniaritza Mekanikoko doktorea; Belinda Pelaz, arkitektoa; Ignacio Marcos, Ingeniaritza Mekanikoko doktorea; eta, Mikel Zubizarreta, Industria Antolakuntzako ingeniaria. Ikerketa Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola teknikoan egin zen, Eusko Jaurlaritzako eta UPV/EHUko dirulaguntza eta bultzadarekin. Erreferentzia bibliografikoa: J. Cuadrado, M. Zubizarreta, B. Pelaz, I. Marcos: ‘Methodology to assess the environmental sustainability of timber structures’ in Construction and Building Materials, July 2015, pages 149-158.